Musikarientzako erabilera baldintzak
Azken eguneratze data: 2026ko azaroaren 1a
SARRERA
Ongi etorri erabilera baldintzetan loteslea ez den partera. MUSIKA BERRIA zerbitzua erabiltzeko baldintzak aurkeztu aurretik, kontestua azaldu nahi dizugu, ondorengo eduki legalaren berezko ulergaiztasuna leuntzeko asmoz. Ikus jarraian, beraz, eskaintzen dugun zerbitzuaren laburpena eta ohiko galderei emandako erantzunak.
MUSIKA BERRIA Euskal Musikaren Ataria da, EUSKAL EDITOREA SM enpresak sortua. EUSKAL EDITOREA SM, hain zuzen, BERRIA egunkariaren eta www.berria.eus webgunearen argitaratzailea da. Hona hemen MUSIKA BERRIAren helburua: arnasgune bat sortzea euskal musikaren ekosistema babestu eta bizkortzeko. Euskal musika guztia entzuteko aukera emateko jaioa da; kalitatezko kazetaritzaren bidez euskal musikaren berri jakinarazteko konpromisoa du, eta euskal musikariei eta haien jardunari ikusgaitasuna emateko borondatea.
Alde horretatik, ez da definizio bakarrera errenditzeko modukoa: berez ez da streaming zerbitzu bat, nahiz eta streaming tresna bat baliatzen duen; ez da artista eta diskoen artxibo soila, nahiz eta, eginkizunen artean, euskal sorkuntza musikalaren online katalogoa osatzea duen; eta ez da musikari buruzko aldizkari bat bakarrik, nahiz eta elkarrizketak, kronikak eta kritikak biltzen dituen. MUSIKA BERRIA irabazi-asmorik gabeko proiektua da, eta irabaziak, halakorik balego, helburu sozialetan berrinbertituko dira, EUSKAL EDITOREA SM enpresaren estatutuetan ezarritakoaren arabera.
Bidea erraztearren, atal honetan elkartu ditugu zalantzarik ohikoenak:
Nire eskubide guztiei uko egingo diet MUSIKA BERRIAn agertu eta nire abestiak kargatzean? Ez. Ematen diguzun lizentzia ez da esklusiboa, eta, hortaz, xede bereko bestelako lizentzia eta lagapenak eman ditzakezu, betiere erabilera baldintzen aurka ez badoaz. Zerbitzua emateko behar diren edukiak baino ez dauzka lizentziak.
Zer jar dezaket MUSIKA BERRIAn? Bertsioak edo cover-ak jar ditzaket? Igotzen duzun eduki guztiaren gaineko beharrezko eskubideak eduki beharko dituzu. Horrek esan nahi du cover-ak ezin dituzula kargatu baldin eta ez baduzu eskubidedunen berariazko eta idatzizko baimena.
Badu kosturik MUSIKA BERRIAren erabiltzaile izateak? Royaltyrik jasoko al dut? MUSIKA BERRIAren erabiltzaile izateak ez du kosturik zuretzat. Arestian esan bezala, gure helburua euskal kantagintzaren erakusleiho ahalik eta handiena izatea da, eta, ahalik eta material gehien bildu nahian guk artxibo lanak egiten ditugun arren, musikari arituen zein hasiberrien lankidetzak asko ematen dio gure zerbitzuari. Hortaz, doakoa da zerbitzua erabiltzea, baina, era berean, ez du irabazirik ematen. Erabiltzaileek zure musika entzuteak ez du diruzko royaltyrik sortzen. Dena den, MUSIKA BERRIAk dohaintza sistema bat dauka: horren bitartez, zerbitzuaren erabiltzaileek diruzko ekarpenak egin diezazkiekete musikariei. Musikazaleek gogoko musikariei ekonomikoki laguntzeko modu bat da. Zerbitzu hori hautazkoa da. Informazio gehiago aurki dezakezu Musikarientzako Eskuliburuan.
Orain, loteslea den zatiari ekingo diogu.
Musika Berria – Erabilera baldintzak
Mesedez, arretaz irakurri erabilera baldintzak (aurrerantzean, “erabilera baldintzak”, “E. BB.”, edota “akordioa”), EUSKAL EDITOREA SM enpresan (aurrerantzean, “BERRIA”, “Enpresa”, “gu” edota “gure”) [esteka] webgunearen bitartez eta dagokion aplikazio informatikoaren bitartez (aurrerantzean, bereizi gabe, “Webgunea”) ematen dugun Musika Berria zerbitzua (aurrerantzean, “MUSIKA BERRIA” edota “Zerbitzua”) erabili aurretik. Webgunea edo Zerbitzua edozein eratan erabiliz gero, erabilera baldintzak aplikagarriak zaizkizula onartzen eta aitortzen duzu (aurrerantzean, “Erabiltzailea”, “zu” edota “zure”).
1. Zerbitzuaren xedea eta izaera
MUSIKA BERRIA BERRIAk kudeatutako plataforma digital bat da, eta haren helburua euskal musika ondarea gordetzea, zabaltzea eta publikoaren eskura jartzea da. Plataformak artxiboko streaming zerbitzu ez-merkataritzakoak ematen ditu, baita musikari eta haien lanen inguruko informazio edukiak ere.
MUSIKA BERRIAn agertzeko irizpideak BERRIAk ezartzen ditu, alde bakarretik. Irizpide nagusia musika euskaraz sortu izana da, eta, beraz, euskaraz sortutako abesti guztiek dute tokia MUSIKA BERRIAn. Definizio horren barruan sartzen den edozein artista edo eduki era ahalik eta zabalenean betetzen saiatuko da BERRIA, betiere kontratuzko zein legezko mugak eta dagokien eskubidedunen borondatea errespetatuz.
MUSIKA BERRIAn, giza sormena bultzatu eta lehenetsiko du BERRIAk, bere eginkizun, balio eta irizpide deontologikoak beterik. Aurreko horri kalte egin gabe, BERRIAk beretzat gordetzen du eskubidea bai MUSIKA BERRIAn kargatzen diren Edukien (hitz horri aurreragoko 4. atalean ematen zaion zentzuan) aukeraketa egiteko eta bai Zerbitzuan gehitzeko proposatutako lanak baztertzeko, baldin eta bat ez badatoz E. BB. hauetan ezarritako printzipioekin. Gorrotoa, sexismoa, arrazakeria, LGTBIfobia eta antzeko jarrera baztertzaileak eta kaltegarriak sustatu edo goratzen dituzten Edukiei uko egingo zaie.
Hizkuntza irizpideei dagokienez, MUSIKA BERRIAk BERRIA egunkariaren estilo liburuan finkatutakoak beteko ditu.
2. Baldintzen onarpena
MUSIKA BERRIA erabiltzeak berekin dakar E. BB. hauek osorik eta aldaketarik gabe onartzea. Erabiltzailea ados ez badago, ez du erabili beharko plataforma.
E. BB. hauek barne hartzen dituzte aurrean duzun edukia eta Zerbitzuaren Pribatutasun Politika, hemen aurki dezakezuna, baita beste edozein operazio arau, politika edota prozedura, BERRIAk Webgunean aldian behin argitaratu dezakeena eta E. BB. hauetara erreferentziaz erantsita geratuko dena, zuri aurretiaz jakinarazteko betebeharrik izan gabe.
Musikari edo musika talde baten edukiak kudeatzeko asmoz kontu bat zabaltzen baduzu bakarlari, musika talde edo bestelako enpresa, entitate edota elkarte batentzat (zigiluak barne), zeina Zerbitzurako eskatzen dizkizugun beharrezko eskubide guztien titularra den ala eskubide horiek xedatzeko aukera duen (aurrerantzean, “Musikaria”), honako hau bermatzen duzu: a) Musikariaren ordezkari baimendua zarela, eta nahikoa ahalordea daukazula Artista E. BB. hauetara lotzeko; eta b) E. BB. hauetara lotzearekin adostasuna erakusten duzula Musikariaren izenean.
E. BB. hauetako xedapen eta akordioak zurekin ezartzen dira pertsonalki, eta bertan zehaztutako betebehar eta eskubideak ezingo dizkiozu beste inori laga, egokitu, transferitu, eskualdatu, eskuordetu, ezta delegatu ere.
BERRIAk E. BB. hauek noiznahi alda ditzake, baita Zerbitzua bertan behera utzi, Webgunean jakinarazpen bat jartze hutsarekin ala zuri mezu elektroniko bat bidaltze hutsarekin. BERRIAk mugak eta murrizketak ezar ditzake Zerbitzuaz egin ditzakezun erabileretan aurreabisurik eman gabe, Zerbitzuaren nolakotasunean aldaketak egiten badira. E. BB.-etan aldaketarik badago eta zuk Zerbitzua erabiltzeari ekiten badiozu, E. BB.-en baldintza berriak onartzen dituzula ulertuko da.
BERRIAk mugak eta murrizketak ezar ditzake Zerbitzuaz egin ditzakezun erabileretan, baita Zerbitzua erabiltzea ukatu ere, E. BB. hauekin bat ez datozen ekintzak detektatzen baditu zure aldetik.
Enpresak Zerbitzurako sarbidea eten dezake noiznahi, arrazoirik gabe edo arrazoi osoz, aurreabisuz zein aurreabisurik gabe, berehalako efektua izanik, eta horrek berekin ekar dezake Zerbitzuaz zuk egindako erabilerari dagokion informazio guztia galtzea eta suntsitzea. Zure kontua bukatu nahi baduzu, Webgunean dituzu hori egiteko argibideak. Erabilera baldintza hauetako xedapen guztiek, beren izaerari dagokion bezala, amaieraren ondoren ere iraungo dute: besteak beste, jabetza xedapenak, garantiarik ezak, kalte-ordainak eta erantzukizun mugak.
3. Zerbitzuaren izaera ez-merkataritzakoa
Zerbitzua ez-merkataritzakoa da guztiz, eta irabazi-asmorik gabe ematen da, ondare kulturala gordetzeko eta artista berriei beren burua ezagutarazten laguntzeko helburuarekin. Hortaz, ez Zerbitzua erabiltzen duten Musikariek, ezta Zerbitzua erabili ez arren Webgunean agertzen diren Musikariek ere, ez dute jasoko ez royaltyrik eta ez bestelako ordainsaririk inongo arrazoirengatik (besteak beste, haien lanak Zerbitzuaren bitartez entzunak izateagatik, Zerbitzuan eskuragarri egoteagatik, edota Zerbitzuak haiei buruzko informazioa emateagatik).
4. Jabetza intelektualeko eskubideak eta lizentziak
4.1 Artistaren eskubideak eta lizentzia
Zerbitzuak Erabiltzaileei modua ematen die Webgunean kargatzeko Musikarien musika lanak (konposizioa, hitzak eta beste edozein elementu), musikaren grabazioak eta haiek barne hartzen dituzten interpretazioak eta joaldiak, haien ikus-entzunezko grabazioak, baita artistei dagozkien bestelako edukiak (besteak beste, grabazioei dagozkien artelan, diseinu eta azalak, argazkiak, testu biografikoak, metadatuak, zeinu bereizgarriak) (aurrerantzean, denak kolektiboki “Edukiak”). BERRIAk ez du izango inongo jabetza eskubiderik Edukien gainean, eta ez da Edukien gaineko eskubideen lagapenik gertatuko E. BB. hauek onartzearen ondorioz. Nolanahi ere, BERRIAk Zerbitzua emateko lizentzia egokia behar du. Zerbitzuan Edukiak kargatzen dituen Erabiltzaile bakoitzak lizentzia ez-esklusiboa (aurrerantzean, “Lizentzia”) ematen dio BERRIAri, mundu mailakoa eta doakoa, Edukiak erreproduzitu, banatu eta publikoki komunikatzeko, Zerbitzua emateko ala Zerbitzuaren sustapena egiteko beharrezkoa den heinean soilik (MUSIKA BERRIAri lotutako Murmur podcasta barne). Era berean, Erabiltzaileak BERRIAri baimena ematen dio bere enpresa taldeko eta bere helburu sozialekin bat egiten duten beste erakunde batzuei azpilizentzia emateko, soilik Zerbitzuaren sustapena egiteko helburuarekin.
Aurretik adierazitakoa betetzearekin batera, BERRIAk ez du erabiliko eta ez die hirugarrenei baimenduko Musikarien Edukia erabiltzea adimen artifizialeko ereduak entrenatzeko, Musikariaren berariazko eta idatzizko baimenik gabe.
Edukiak Webgunera gehituz gero Zerbitzuaren parte izan daitezen, bermea ematen diozu BERRIAri honako hauen inguruan:
Edukien jabea zarela edo Edukien gaineko beharrezko eskubideak dauzkazula haien gainean Lizentzia emateko.
BERRIAk zein hark baimendutako azpilizentziadun eta banatzaileek Edukiez egin dezaketen edozein erabilerak ez dituela hautsiko inongo hirugarrenen eskubideak, izan jabetza intelektualekoak zein beste edozelakoak (besteak beste, irudi eskubideak edota eskubide errealak).
Beharrezko eskubidea daukazula Lizentzia emateko emandako beste edozein lizentzia edo lagapenetik at, bereziki edozein Jabetza Intelektualeko Eskubideen Kudeaketa Erakunderekin (adb. EKKI, SACEM, SGAE, AIE) (aurrerantzean, “EKE”), musika editore zein diskoetxeekin daukazun edozein akordioren barnean, eta zure erantzukizuna dela EKE ala musika editoreari jakinaraztea Lizentzia opatu diozula BERRIAri eta ez zaiola inongo edo inolako ordainketarik zor inongo EKEri Lizentziaren ondorioz edo Lizentziak ahalbidetzen dituen ekintzen ondorioz.
Edozein hirugarrenekin (EKEak, musika editoreak eta diskoetxeak barne) izenpetu duzun edozein akordiok eragozten badizu Zerbitzua aurrera eramateko era nahikoan BERRIAri Lizentzia ematea, orduan Zerbitzua era mugatuan erabili ahal izango duzu soilik. Mugaketa hori hirugarrenekin dituzun akordioen araberakoa izango da, eta Zerbitzua ahalbidetuko zaizu akordio horiek debekatzen ez dituzten ataletarako soilik. Bereziki, hirugarrenekiko akordioek MUSIKA BERRIAren streaminga eskaintzea baimentzen ez badizute, beste eduki batzuk (biografia, diskografia, argazkiak eta baimendutako kanpo estekak) erakusteko erabili ahal izango duzu soilik.
Zuk emandako informazio akastun, ez-oso ala faltsuaren ondorioz erreklamaziorik balego hirugarrenen aldetik BERRIAren aurka Edukiak Lizentziaren pean baimendutako ekintzetarako erabiltzeagatik, zeure erantzukizuna izango da BERRIAri kalte ordaina ematea edota kaltea ekiditea, barne egonik auzitan aritzearen gastu guztiak.
Zure Edukiak, zuri buruzko Edukiak edo kudeatzen ari zaren Musikari bati buruzko Edukiak Zerbitzuan egotearen aurka bazaude edozein arrazoirengatik, jar zaitez gurekin harremanetan hemen, beharrezko neurriak har ditzagun.
4.2 BERRIAren eskubideak eta lizentzia
Posible da BERRIAk Artista batzuen inguruko informazioa era independentean landu izana, barne egonik Musikariari buruz Webgunean ager daitezkeen Edukiak (besteak beste, biografiak, diskografiak edota kritikak). Halakoetan, Eduki horien eskubideak BERRIArenak dira (aurrerantzean, “BERRIAren Edukiak”).
BERRIAk beharrezkoa eta nahikoa den lizentzia ematen dizu, E. BB. hauen pean (eta betiere hauek zu ere lotzen zaituzten hein eta epealdi berean), BERRIAren edukiak erreproduzitu, banatu eta publikoki komunikatzeko zure helburuetarako.
Aurretik adierazitakoa betetzearekin batera, BERRIAk bereziki eta espresuki debekatzen dizu zuri eta edozein hirugarreni BERRIAren Edukiak transformatzeko erreprodukzio, banaketa, komunikazio publiko zein eraldatze ekintzak egitea adimen artifizialeko ereduak entrenatzera bideratuak ala entrenamendua ahalbidetzen dutenak.
Noizbait BERRIAren Edukiak moldatu edo ordezkatu nahiko bazenitu Webgunean, jar zaitez gurekin harremanetan hemen.
5. Hirugarrenen estekak
Zerbitzuak hirugarrenen webgune eta plataformetarako estekak izan ditzake (adibidez, YouTube), zeuk zein BERRIAk ezarriak. BERRIAk ez ditu kontrolatzen plataforma horietako edukiak, ezta haien segurtasun egoera ere. E. BB. hauek onartuz gero, aitortzen eta onartzen duzu BERRIAk ez duela inongo erantzukizunik esteka horietan sartzearen ondorioz ikus dezakezun edukiaren gain, ezta jasan ditzakezun arazoen gain ere (besteak beste, segurtasun arazoak).
6. Artistei zuzenean egindako dohaintzak
Plataformak aukera aktibatuko du erabiltzaileek artistei zuzenean dohaintzak egiteko. Dohaintzak BERRIAk jasoko ditu, eta, ondoren, Erabiltzaileak dagokion Musikariarekin lotutako kontu korronte batera transferituko ditu. BERRIAk bitartekaritza lan hutsa egiten du transakzio horretan, eta ez du komisiorik jasotzen.
7. Erabiltzailearen erantzukizuna
Erabiltzaileak konpromisoa hartzen du legea errespetatuz jarduteko eta, bereziki, egile eskubideak urratzen dituzten jarduerak ekiditeko.
Erabiltzaileak konpromisoa hartzen du Enpresa, bere kudeatzaileak, langileak, agenteak, bazkideak eta ordezkariak kalterik gabe mantentzeko, baita kalte ordaina emateko ere E. BB.-en urraketatik edo erabiltzaileak Webgunea zein Zerbitzua oker erabiltzetik eratorritako edozein erreklamazio, galera, kalte, isun, kostu edo gasturik balego (legezko ordezkaritzaren kostuak barne).
Kalte ordaina emateko betebehar honek barne hartzen ditu hirugarrenen erreklamazioak ere, erabiltzaileak Webgunearen zein Zerbitzuaren erabileran egindako ekintzek edo ez-egiteek eraginda sortzen badira.
8. Garantiarik eza
Webgunea, Zerbitzua eta bertan eskaintzen diren edukia, zerbitzuak eta informazioa “hala dagokion moduan” eta “eskuragarri dagoen moduan” jartzen dira erabiltzaileen eskura. Enpresak ez du inolako bermerik ematen, ez esplizituki, ez inplizituki, besteak beste honako hauei dagokienez: merkaturagarritasuna, erabilera jakin baterako egokitasuna, hirugarrenen eskubideen ez-urratzea, datuen zehaztasuna eta etengabeko eskuragarritasuna.
Enpresak ez du bermatzen webguneak etenik gabe, akatsik gabe edo birusik gabe funtzionatuko duenik, eta ez da erantzule izango halako gorabeheretatik eratorritako kalte edo galerengatik.
9. Erantzukizunaren mugaketak
Aplikagarri den legeak ahalbidetzen duen neurrian, Enpresak ez du izango inolako erantzukizunik honako kalte hauengatik, zuzenak zein zeharkakoak izan, aurreikusteko modukoak izan zein ez:
irabazien galera,
datuen galera,
negozio etenak,
ospe kalteak,
edo erabiltzaileak Webgunea edo Edukiak erabiltzearen edo erabiltzeko ezintasuna izatearen ondorioz sortutako beste edozein kalte ekonomikoren edo ondoriozko kalteren inguruan.
Enpresaren erantzukizunagatiko kalteordaina, nolanahi ere, ez da inoiz izango Erabiltzaileak Webgunea edota Zerbitzua erabiltzeagatik ordaindutako zenbatekoa baino handiagoa (hala badagokio).
10. Aplikatu beharreko legedia eta jurisdikzioa
E. BB. hauek bat datoz indarrean dagoen euskal eta espainiar legediarekin. Edozein auzi izanez gero, alderdiak Donostiako epaitegi eskudunen mende jarriko dira.
ALDAKETEN ERREGISTROA
2026ko azaroaren 1a: Erabilera Baldintzen lehen bertsioa argitaratzen da.